http://pagina-del-dia.euroresidentes.es/frase-del-dia/gadget-frase.php

domingo, 22 de enero de 2017

TRATU TXARRAK JASO DITUZTEN ANIMALIEN ELKARRIZKETA

 Kalean botata katu bat ikusi zuenean gerturatu zen Isabel Rodriguez ASAAMera (Animalien Laguntzarako Milorden Lagunak Elkartea). Bizkaian ehun bazkide ditu elkarteak, eta txakurren eta katuen alde egiten dute lan batez ere.


Nondik dator ASAAM elkartea?
Milord txakurra dela-eta jaio zen elkartea Palentzian (Espainia). Tratu txarrak jaso zituen Milordek, eta neska batek etxean hartu eta deialdi bat egin zuen laguntza batzeko. Erantzun oso handia egon zen, eta animalien laguntzarako elkartea sortu zen. Bizkaian duela lau edo bost urte sortu zen delegaritza.

Zelan ezagutu zenuen elkartea?
Kalean hainbat egun botata zeramatzan katu bat topatu nuen Durangon. Elkartera deitu nuen eta zer topatu nuen kontatu nien. Esan zidaten albaitaritza klinika batera eroateko, eta ikusiko genuela. Bertan ingresatu genuen, eta orain nire amak dauka; adoptatu egin genuen, eta primeran dago. Askotan jendeak egoera honetan ez daki zer egin, eta babesa behar du.

Kalean hainbatek ikusiko zuen katu hori, eta deitu ez.
Arlo honetan sentsibilitate falta handia dago. Laguntzeko premia denek ikusten dute jende nagusiagaz, gosea dutenekin... Baina animaliekin ez da gauza bera. Getxon duela egun gutxi katu bat hartu dugu. 25 egun zeramatzan kalean  hanka bat dindilizka, eta inor ez zen gai izan hartzeko. Hartu genuenerako hanka kendu behar izan zitzaion. Askotan ezin duzu etxera eroan, edo albaitarien gastuak ordaindu, baina babeserako elkarteetara deitu dezakezu, guk [elkartean] kasuaren berri eduki dezagun. Jendearen ezezagutza handia da; askok pentsatzen dute txakurtegian animaliak ondo egoten direla, eta ez da horrela. Edozein albaitarirengana joz gero, elkarteon berri emango dizute.

Zer irtenbide eskaintzen duzue?
Gurekin kontaktatu eta, animaliaren kargu egin ezin direnen kasuan, ahalegintzen gara harrera etxeak bilatzen. Albaitariaren eta janariaren gastuak gure kargu egoten dira. Gero, adopziorako jendea bilatzen ahalegintzen gara. Adopzio kasuetan galdeketa bat eta bisitak egiten ditugu jabea izango dena ondo ezagutzeko. Kontratuan zehazten ditugu jabeen betebeharrak: animalia zaintzea, esterilizatzea eta edozein aldaketaren berri guri ematea. Kontrola oso beharrezkoa da. 

Tratu txarrak jasandako animalia osatzeko diru asko behar izaten da. 
Bai, eta guk bazkideen ekarpenekin eta  donatiboekin egiten dugu lan. Premia handia dago eta laguntza behar dugu. Orain momentuan 4.000 euroko zorra daukagu klinika bategaz bakarrik.

Jende askok jotzen du zuengana?
Egia da geroago eta jende gehiagok deitzen digula, baina animalia abandonatu baten berri emateko baino, gehiagok deitzen du animalia batekin jarraitu gura ez dutelako. Deitzea irtenbide ona iruditzen zait, txakurtegira eroatea baino hobea, zalantza barik. Baina tira, hor mentalizazio lana egin behar da; animaliak ez dira altzariak, sentitu eta sufritu egiten dute. Inork ez gaitu behartzen etxean animaliak edukitzera; beraz, izan gaitezen kontsekuente.

Uda garaian abandonu kasuak ugaritu egiten direla esan ohi da.
Horrela izaten da. Azkenean, oso erraza da animalia bat abandonatzea. Katuen kasuan, oso erraza da. Txakurretan, txiparen kontua ez dago batere kontrolatuta; guk txip bako txakur asko topatzen ditugu, eta oso erraza da txakur bat kalean uztea. Animalia horiek erregistratuta egon ezean... Duela gutxi burdin hesi batetik botatako txakur bat topatu dugu, belarri zati bat galduta, haginkada asko dauzka aurpegian... Horrelako kasu pilo bat kontatu ahal dizkizut. Guk, animalia bat topatzean udaltzainei abisatzen diegu beti, jabea agertuko bada, badaezpada. Baina animalia bat ikusten badut, hezurretan, haginkadez josita, ez nioke jabeari bueltatuko. Animalia txarto topatzen badugu, jabeari jarraipen bat egiten diogu. Egoera txarrean dagoen animalia batek horrela jarraitzea ezin dugu onartu.

Katu asko kalean bizi da, jabe barik. 

Hor arazo handia dago herri guztietan. Udalek araudietan debekatu egiten dute kaleko katuei jaten ematea. Hori bide errazena da, baina ez inteligenteena. Katu kolonia horiek kontrolatuta egon beharko lirateke. Klinika batzuek euren burua aurkezten dute katuak merke esterilizatzeko. Hernanin, adibidez, kontrol hori egiten dute. Errespetatzen dut jendeari animaliak ez gustatzea, baina hortik eta hiltzen uztera...  

1 comentario:

  1. Eskerriik asko informazio guzti honengatik, oso baliagarria izan da niretzat eta espero dut arazo honekin amaitzea laster💪💙

    ResponderEliminar